jueves, 10 de abril de 2014

HIZKUNTZA PROIEKTUAK


2014ko martxoaren 14ko hitzaldia

Hizkuntza proiektuen barruan aurkitzen ditugu “petlutxe” eta “asmakilo” proiektuak. Sare lankidetzako proiektu hauek oso aproposak iruditzen zaizkit haurrak idazketa eta irakurmena era ludiko baten bidez barneratzen joan dadin. Nik proiektu hauek ezagutzen nituen, aurreko lauhilekoan aztertu egin bainituen pixka bat norbere elkarlan proiektuak diseinatzeko garaian ideia bat izan nezan nondik norakoa zen diseinatu behar genuen elkarlan proiektua.
Bestetik, bi ikastolen edo gehiagoren arteko trukaketa denez, haurrak motibatu egiten dira irakurtzera eta idaztera, jakin-mina sortzen zaielako beste ikastolako haurrek ezer idatzi duten ikusteko.
Gainera, gaur egungo irakasle asko ez dago  teknologia berrietan alfabetizatuta, eta era honetako proiektuekin irakasleak IKT hauen funtzionamendua barneratzen joaten dira.
Bestetik, saioaren bigarren zatian 2020. urterako Euskal Herriko hezkuntza sistema adostu nahi duen makro-proiektu bat gauzatzen ari dela ikusi dugu. Proiektu hauen ardatz nagusia ikastolek hezkuntza eleanitza nola bideratu izango da. Izan ere, ikastetxe bakoitzak erabaki beharko du hizkuntza bakoitzak zein toki izango duen ikastetxean.
Nire uste apalean, euskara hizkuntza gutxitua dela kontutan hartzen badugu, ikastetxeei hizkuntzen trataeraren inguruan askatasuna uztea arrisku bat izan daiteke. Izan ere, gaur egun dagoen hezkuntza sisteman, D ereduan betidanik ikasi izanak ez du ziurtatzen ikasleak  euskara maila ona lortzea ikasketa guztiak amaitzean. Hori dela eta, euskararen presentzia gutxiagotzen badugu ikasgeletan, nire iritziz euskararen egoera orain dena baino okerragoa izatera iritsiko da tamalez.
Ingurune erdaldunean kokatzen diren ikastetxeak kaltetuak aterako direla iruditzen zait, gaztelerarako joera handia dagoen eremu batean euskarari garrantzia kentzen bazaio oraindik eta gutxiago indartuko da euskara herri horietan.
Hala eta guztiz ere, ez da hainbeste zenbat ordu eskaintzen zaion irakasgai bakoitzari, baizik eta nola ematen den, hau da, Kurrikuluma hizkuntza bakoitzean nola landu behar den ondo zehaztea garrantzitsua dela iruditzen zait.
Izan ere, zenbateraino barneratzen da hizkuntza bakoitza hezkuntza eleanizdun batean? Gaur egungo errealitatea da haur gehienak ingeleseko partikularrera joaten direla. Nire iritziz eskolak alderdi horretan zerikusi handia du, izan ere, argi dago ikasleek ingelesean lortzen duten maila ez dela Europako beste estatuetako haurrek lortzen dutena. Hori dela eta, hutsune hori betetzeko haurrak partikularrera joaten dira. Baina hemen ere dilema bat sortzen da, izan ere, dirua dutenek soilik joango dira, eta bereizketa bat egiten ari gara momentu honetan.
Hizkuntzak ikasteko didaktika egokiena nire ustez mintzamenaren alderdian zentratzen da gehien gramatikaren alderdian baino. Izan ere, testu bat ondo idazteak zertarako balio digu gero hizkuntza horretan hitz egiteko gaitasunik ez badugu?
Honenbestez, hizkuntza trataera batuaren alde nago, izan ere, ikasgai desberdinetan gauza bera irakasten da eta hori bateratu egin behar da. Hau nola kudeatu beraz, irakasleak erabakiko du.
Azkenik, eTwinning hizkuntza proiektua izan dugu aztergai irakasgaiaren bigarren zatian. bi eskola edo gehiagoren artean gauzatzen den proiektu bat da hau eta klasean egiten diren jarduerak konpartitzen dira. Ideiak elkarbanatuz enpatia hori lantzen da, kulturartekotasun bat dago.
Nik ez nuen orain arte behin ere entzun proiektu honen inguruan eta horregatik oso interesgarria iruditu zait hitzaldia, kuriositatea piztu zait honen inguruan eta sarean egotea abantaila bat dela iruditzen zait norbere kasa saltseatzen joan gaitezen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario