jueves, 10 de abril de 2014

IXA TALDEA


2014ko martxoaren 24ko hitzaldia

Ingeniaria linguistikoa eta hezkuntza uztartzen dute IXA taldeko partaide diren eta gaur klasera hitzaldia ematera etorri diren bi ikerlariak. IXA taldearen barruan hizkuntzaren tratamendu automatikoa burutzen dute. Bertan oinarrizko tresna linguistikoak garatzen dira bai linguistei begira baita erabiltzaile arruntei begira ere.
Irakaskuntza arloan azken urte hauetan baliabide didaktikoen sorkuntzan baliogarriak diren ariketen sorkuntza automatikoan dabiltza, bai hizkuntzaren tratamendurako baita Corpuserako ere.
Ixiar Aldabe IXA taldeko ikerlariak bere tesia azaldu digu. Ariketa mota desberdinak sortu zituzten DBH 2.mailako 18 ikastetxetan. Aukera anitzeko galderak ziren. Eskuz sortzeak lana eta denbora eskatzen zuenez automatikoki sortzen hasi ziren.
Nire iritziz hiztegia lantzeko tresna lagungarri bat iruditzen zait ikerlariak aipatu duen moduan erantzun zuzenaren antzeko hitzak sortzea. Ariketa hauek ikasleei eman aurretik aukera zehatz bakarra zegoela ziurtatu zuten. Hutsuneak izen eta aditzak lantzeko ziren. Distraigarriak sortu zituzten semantikoki antzekoak ziren hitzak sortzeko.
Galdera guztiak erantzun zituzten ikasleen emaitzak soilik aztertu zituzten. Metodo bat bestea baino hobea zen jakiteko hainbat neurri erabiltzen zituzten. Alde batetik galderaren zailtasuna eta bestetik diskriminazioa.
Ariketen sorkuntzan erronka antzeko hitz bat bilatzea baina sinonimoak ez direnak sortzea izan dela dio ikerlariak eta hau era automatikoki sortu behar izateak prozesua asko zailtzen du.
Hitzaldi hau asko gustatu zait eta asko ikasi dut, izan ere, orain arte ez nuen behin ere pentsatu galdera hauek automatiko egin zitezkeenik eta teoria praktikara eramateko aukera izan dugu. SENEKO izeneko proiektuan ibili gara guztiok. Proiektu honetan testua prozesatu, galderak sortu eta galderak kudeatzen dira.

EU KIDS ONLINE


2014ko martxoaren 20ko hitzaldia

Haurrek ingurune digitalean egiten dutena aztertzea da proiektu honen helburu nagusia. Ikerketa honetan zortzi urte daramate eta hiru alditan banatzen da; 2006-2009, 2009-2011 eta 2011-2014. Gai honetan interesatuta dauden estatuen kopurua handitzen ari da.
Umeek interneteko erabilerari buruzko ikerketa guztiak aztertu zituzten ikerlari hauek. Estatu bakoitzean ikerketak zeinek egiten zituzten aztertu zuten. Estatu desberdinen arteko datuak konparatu zituzten. Ikerketaren emaitzaren arabera gomendioak garatu zituzten ekintza politikorako.
Lehen aldi horretan interneten inguruko aukerak eta arriskuen sailkapena egin zuten. Hezkuntzaren egungo erronka, gu irakasle izango garen aldetik,  haurrak trebatzea da internetek eskaintzen dituen hainbat aukera erabil ditzaten. Hedabideetan askotan hitz egiten dute interneten dagoen pornografiari buruz.
Bigarren aldian hasi zen nolabait edukiak sortzeko aldia; sakelakoak, kontsolak… gurasoen bitartekaritza beharrezkoa dela iruditzen zait eta interneten kasuan garrantzi handia du. Izan ere, batzuetan gurasoek ez dakite oso ondo beraien seme alabak zertan dabiltzan. Ikerketan Internet erabiltzen duten 9-11 urte bitarteko erabiltzaileak aztertu zituzten eta inkesta haurrek etxean egin zuten.
Emaitzei dagokionean etxean erabiltzen dute gehien Internet eta bigarrenik eskolan, bataz beste egunean 70 minutuz. Geroz eta gazteago hasten dira erabiltzen, batez ere, smart phone eta tabletaren erabilera zabaldu denetik.
Jarduera ohikoenei dagokionez gehienbat etxeko-lanak egiteko eta jokoetan jolasteko erabiltzen dute, baita komunikatzeko ere. Gizarte sareko erabilera honetan nesken artean ugariagoak dira profilak mutilek baino.
9-13 urteko haurrak sare sozialetan modu ilegal batean ibiltzen dira, izan ere Espainian sare sozial hauetan izen emateko adin minimoa 14 urte da. Hori dela eta gezurra esaten dute. Gu hezitzaile garen heinean jakin behar dugu ikastolan ezin diegula gmail kontu bat ireki dezaten eskatu, ez baita legala.
Adin txikikoak honelako sare sozialetan ibiltzeak arrisku handiak dituela iruditzen zait. Esaterako sexu irudiena edo bulling-a. Ikerlari hauek haurrek arriskuen inguruan duten pertzepzioa sakondu nahi izan dute  eta alderdi hau oso interesgarria iruditu zait, izan ere, arriskuak zenbaterainoko kaltegarriak diren haurrentzat eta zein jokaera duten horren aurrean jakitea oso garrantzitsua dela deritzot.
Sexuaren kasuan nire uste apalean eragin negatiboa izan dezake interneten sexu bortitza soilik ikusteak, izan ere, normaltzat har lezakete normala ez den zerbait. Hori dela eta, etxean ere gai honen inguruan haurrak hezi egin behar ditugula iruditzen zait, sexuaren pertzepzioa internetekoa baldin badu pertzepzio irreal bat izango baitu haurrak.
Egia da ordea arriskurik gabeko gunea nekez bilatuko dugula. Hori dela eta neurri batean onuragarria izan daitekeela deritzot haurrak interneten ibiltzea arrisku hauei aurre egiteko, arreta gehiago jarriko baitute.

HIZKUNTZA PROIEKTUAK


2014ko martxoaren 14ko hitzaldia

Hizkuntza proiektuen barruan aurkitzen ditugu “petlutxe” eta “asmakilo” proiektuak. Sare lankidetzako proiektu hauek oso aproposak iruditzen zaizkit haurrak idazketa eta irakurmena era ludiko baten bidez barneratzen joan dadin. Nik proiektu hauek ezagutzen nituen, aurreko lauhilekoan aztertu egin bainituen pixka bat norbere elkarlan proiektuak diseinatzeko garaian ideia bat izan nezan nondik norakoa zen diseinatu behar genuen elkarlan proiektua.
Bestetik, bi ikastolen edo gehiagoren arteko trukaketa denez, haurrak motibatu egiten dira irakurtzera eta idaztera, jakin-mina sortzen zaielako beste ikastolako haurrek ezer idatzi duten ikusteko.
Gainera, gaur egungo irakasle asko ez dago  teknologia berrietan alfabetizatuta, eta era honetako proiektuekin irakasleak IKT hauen funtzionamendua barneratzen joaten dira.
Bestetik, saioaren bigarren zatian 2020. urterako Euskal Herriko hezkuntza sistema adostu nahi duen makro-proiektu bat gauzatzen ari dela ikusi dugu. Proiektu hauen ardatz nagusia ikastolek hezkuntza eleanitza nola bideratu izango da. Izan ere, ikastetxe bakoitzak erabaki beharko du hizkuntza bakoitzak zein toki izango duen ikastetxean.
Nire uste apalean, euskara hizkuntza gutxitua dela kontutan hartzen badugu, ikastetxeei hizkuntzen trataeraren inguruan askatasuna uztea arrisku bat izan daiteke. Izan ere, gaur egun dagoen hezkuntza sisteman, D ereduan betidanik ikasi izanak ez du ziurtatzen ikasleak  euskara maila ona lortzea ikasketa guztiak amaitzean. Hori dela eta, euskararen presentzia gutxiagotzen badugu ikasgeletan, nire iritziz euskararen egoera orain dena baino okerragoa izatera iritsiko da tamalez.
Ingurune erdaldunean kokatzen diren ikastetxeak kaltetuak aterako direla iruditzen zait, gaztelerarako joera handia dagoen eremu batean euskarari garrantzia kentzen bazaio oraindik eta gutxiago indartuko da euskara herri horietan.
Hala eta guztiz ere, ez da hainbeste zenbat ordu eskaintzen zaion irakasgai bakoitzari, baizik eta nola ematen den, hau da, Kurrikuluma hizkuntza bakoitzean nola landu behar den ondo zehaztea garrantzitsua dela iruditzen zait.
Izan ere, zenbateraino barneratzen da hizkuntza bakoitza hezkuntza eleanizdun batean? Gaur egungo errealitatea da haur gehienak ingeleseko partikularrera joaten direla. Nire iritziz eskolak alderdi horretan zerikusi handia du, izan ere, argi dago ikasleek ingelesean lortzen duten maila ez dela Europako beste estatuetako haurrek lortzen dutena. Hori dela eta, hutsune hori betetzeko haurrak partikularrera joaten dira. Baina hemen ere dilema bat sortzen da, izan ere, dirua dutenek soilik joango dira, eta bereizketa bat egiten ari gara momentu honetan.
Hizkuntzak ikasteko didaktika egokiena nire ustez mintzamenaren alderdian zentratzen da gehien gramatikaren alderdian baino. Izan ere, testu bat ondo idazteak zertarako balio digu gero hizkuntza horretan hitz egiteko gaitasunik ez badugu?
Honenbestez, hizkuntza trataera batuaren alde nago, izan ere, ikasgai desberdinetan gauza bera irakasten da eta hori bateratu egin behar da. Hau nola kudeatu beraz, irakasleak erabakiko du.
Azkenik, eTwinning hizkuntza proiektua izan dugu aztergai irakasgaiaren bigarren zatian. bi eskola edo gehiagoren artean gauzatzen den proiektu bat da hau eta klasean egiten diren jarduerak konpartitzen dira. Ideiak elkarbanatuz enpatia hori lantzen da, kulturartekotasun bat dago.
Nik ez nuen orain arte behin ere entzun proiektu honen inguruan eta horregatik oso interesgarria iruditu zait hitzaldia, kuriositatea piztu zait honen inguruan eta sarean egotea abantaila bat dela iruditzen zait norbere kasa saltseatzen joan gaitezen.